Orio izango du abiapuntu III. Pasaia Itsas Festibalak

Andrea Zipitria 2024ko api. 30a, 17:00

Herriak euskal itsas ondarearen alde eginiko aitortza moduan, ontzi tradizionalen topagune bilakatuko da maiatzaren 8an. Biharamunean ontzi guztiak Oriotik Pasaiara abiatuko dira.

Aurten Orio izango du abiapuntu III. Pasaia Itsas Festibalak –pasa den urtean Getarian hasi zen Juan Sebastian Elkanoren omenez–. Herriak euskal itsas ondarearen alde eginiko lanaren aitortza moduan egingo da keinua. Hain zuzen ere, Orioko herriak itsas historiaren babesean egin duen lana ezagutzera emateko helburuarekin aukeratu dute abiapuntutzat. "Herri arrantzale hau ontziola ugariren kokaleku izan da mendeetan zehar. Bertan, ozeanoa gurutzatu duten egurrezko ontziak zein punta puntako estropadetan lehiatzeko ontzi modernoak eraiki izan dira. Euskal itsas historiarekin sentsibilizazio handiko jendearen lanari esker, Mutiozabal sendian lehenik Aginan eta ondoren Orion eginiko lanaren arrastoak ditugu egun, hain zuzen Mutiozabal ontzigileen plano kolekzioa, kalkula ezina den ondare balioa duten dokumentuak", azaldu du Albaolak. 

Hala, datorren maiatzaren 8an emango zaio hasiera Orion Pasaiako Itsas Festibalaren hirugarren edizioari. Egun horretarako antolatu da ontzi tradizionalen topaketa. Egun batez, ontzi tradizionalen topagune bilakatuko da herria. Arratsaldeko 17:00etan ongietorria emango zaio tripulazioari Orion, errioaren bueltan.

Jarraian, 18:00etan, hitzaldia eskainiko du Xabier Alberdik, Euskal Itsas Museoko zuzendariak. Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko esperientzia konstruktiboak izenburupean, jardungo da ontzigintzaren inguruan. Bidelagun izango ditu  Galiziako Fuertespenedo Arquitectos elkarteko Oscar Fuertes Dopico eta Lago Fernándezetik eta ohorezko gonbidatu diren Daniel Bravo Silva, Hugo Almonacid eta Hugo Almonacid Chiloé irletako txiletarrak. Mutiozabal Txoren ontziolan eskainiko dute hitzaldia, gaztelaniaz, doan.

Hurrengo egunean, maiatzaren 9an, agur ekitaldia egingo dute. Bada, Orion elkartutako ontzi guztiak elkarrekin abiatuko dira Pasaiarantz. Aurreikuspenaren arabera, 18:00etan ailegatuko dira hara. Badiatik barrura sartuko dira neurri eta jatorri ezberdinetako ontziak, Aita Mari erreskate ontzia bidea irekitzen izango dutelarik. 

Ohorezko gonbidatuak

Aurtengo ohorezko gonbidatuak izango dira txiletarrak. Haien ordezkari gisa iritsi ziren duela hilabete pasatxo Pasaiara Hugo Almonacid aita-semeak.  

Gaur goizean ezagutu dute lehenengoz Mutiozabal Txoren ontziola, Xabier Agote Pasaia Itsas Festibalaren zuzendariaren, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariaren, eta Anuska Esnal Orioko alkatearen eskutik. EAJko Lourdes Salsamendi zinegotzia ere haiekin izan da.

Hugo Almonacid aita-semeak Txileko ontzigileak dira. Ontziola bat dute, eta Euskal Herrira etorri dira –duela hilabete pasa–, "bertako ontzi tradizional bat eraikitzera". Chilota du izena ontziak. Pasaia Itsas Festibaleko egutegiaren baitan, Chilota ontzia botadura ekitaldia egingo da. Txilen nabigatzeko erabili ohi duten ontzia da Chilota, gaur egun berreskuratzen ari direna.