Onetsine Arrizabalaga: "Ikerlari izateko zailtasun handienetakoa proiektuak aurrera eramateko diru-sarrerak lortzea da"

Karkara 2016ko aza. 8a, 10:59

Zientziaren eta bakearen nazioarteko astea dela aitzakia hartuta, Onetsine Arrizabalaga elkarrizketatu dugu, Alemanian bizi den zientzialari oriotarra. Garunaren garapen goiztiarrean dabil lanean.

Zientziak eraman al zintuen Alemaniara?

Bai, Eusko Jaurlaritzako doktoretza-ondoko hobetze proiektuarekin etorri nintzen.

Zenbat urte daramatzazu han?
Ia bost urte, 2012ko Urtarrilean iritsi nintzen, 3 urtetarako kontratua zen, 2 urte kanpoan eta 3.a Euskal Herriko ESS Bilbao ikerketa zentro berrira itzultzeko kontratua zen. Baina ez zen posible izan 3. urtean itzultzea, eta hemen geratzeko aukera izan nuen.

Urte horietan guztietan zientziari lotutako lanetan ibili al zara?
Bai, laborategi berean egon naiz lanean, proiektuz aldatu dudan arren.

Eta zientzian, dibulgazioan, irakaskuntzan ala ikerkuntzan aritu zara?
Ikerkuntzan aritu naiz batez ere. Klase bakar bat eman dut, ordezkapen moduan, eta urtero master ikasleak izaten ditugu, baina nik laborategiko lanetan bakarrik gidatzen ditut. Dibulgazio moduan urtero kongresu bat edo bitara joateko aukera izan dudanez, poster eta hitzaldi bidez gure lana zabaldu ahal izan dut.

Ikerkuntza al da zientziaren hiru adar horietatik ezengokorrena?

Hiruetatik egonkorrena irakaskuntza dela esango nuke, eta beste biak ezegonkorrak. Dibulgazioaz ez daukat berri asko, baina haiek ere proiektuka ibiliko direla imajinatzen dut. Orokorrean, ikerkuntza ez da egonkortasunarekin lotuta joaten. Oso lanpostu gutxi daude egonkorrak direnak, taldeko buru eta teknikarientzat izaten dira hauek. Doktoretza bukatu eta lekuz aldatzea normala da zientzian. Leku ezberdinetan lan egiteak –eta bizitzeak– ikuspuntu berriak izan eta ikasteko aukera ematen dizu, baina nire kasuan, adibidez, dakidanarekin eta laborategi bateko martxa eramatean, 2-3 urte ostean lekuz aldatu beharra ez da emankorrena. 

Zergatik diozu hori?

Ba, alde batetik, martxan dagoen proiektu batean 2-3 urtean emaitza interesgarriak atera ditzakezulako , baina zerotik hasi behar baduzu momenturik emankorrena 2-3. urte horien amaiera da, eta batzutan labur geratzen da. Bestalde, laborategi bateko martxa nola doan jakiteko ere denbora behar da, eta doktoretza ikasleak eta doktoreak beren zikloaren ostean beste laborategi batera joateak jakinduria galera ekartzen dio taldeari, teknikak nola egin, aparatuak nola erabili… Horregatik gustura hartu nuen leku berean proiektu berri bat.

Orduan, zergatik da zientzian ohikoena 2-3 urteka proiektuz eta tokiz aldatzea? 

Tamalez, ikerkuntza proiektu puntualak betetzeko diru-laguntzei esker bizi da, eta proiektu horiek ez dira denbora luzerako izaten. Beraz, luzapenik lortu ezean, beste lan bila hasi behar izaten dugu, eskuarteko proiektua momenturik emankorrenean dagoenean!

Eta zerk eman dezake egonkortasuna?

Egonkortasuna diru-sarrera jarraiak ematen du, beste alorretan bezela. Gauza da, lanerako behar dugun diru hori lortzeak lan asko eskatzen duela, hipotesia eta proiektuaren ideia berritzaileak aurkeztu behar izaten dira eta ez da erreza izaten proiektuen finantziazioa lortzea. Nik ez dut lanpostu finkorik, baina gure laborategiko nagusia gure egonaldia luzatzen saiatzen da, proiektuak bata bestearen atzetik lotzeko dirua lortuz, baina bere lana burokrazian eta paperak betetzen pasatzen du, ikerketa bera ia albo batera utzita. Ikerketetarako dirua gobernuan daudenen eskuetan dagoenez, ezin izaten dira oso luzerako proiektuak lortu. Hemen, Alemanian, Ikertzaileen Bilgune bat dago, non ikerlariek bozkatzen duten eta 5 urtero aldatzen den, gobernu-aldaketarekin batera gerta ez dadin. Hauek proiektu batzuk baloratzen dituzte. Hala ere, gobernuaren ikerketa sailak ere ematen ditu beste diru laguntza batzuk. Hainbat fundazio eta enpresa ee jo daiteke, aukerak zabaltzen dira horrela.

Zer ikertzen duzu? Zein alorretan zaude espezializatuta?

Biokimikaria naiz eta biologia molekularrean espezializatu nintzen doktorego tesian, baina orain enbrioietatik eratorritako ama zelulekin egiten dut lan eta irradiazio ionizagarriak haiengan eta euren garapenean duen eragina aztertzen dugu.

Zientzia urrun sentitzen duten horiek ulertzeko moduan azaltzerik bai?
 
Istripu nuklearrek, gure inguruan dauden harriek edo terapia eta diagnosikorako erabiltzen diren gailuek gure zelulak kaltetu ditzaketen izpiak –irradiazioa– zabaltzen dituzte, eta dosiaren arabera, eragin ezberdinak izan ditzakete. Gure lana haurdun dauden emakumeek, edo haur eta gazteek, edo hegazkineko langile nahiz astronautek etorkizunera izan ditzaketen kalteak ikustean datza. 

Zergatik haurdun dauden emakumeak, haurrak edo gazteak? Arrisku handiagoa dutelako?

Haurdun dauden emakumeetan garatzen ari den fetua oso sentikorra delako. Oraindik garatzen ari diren haur eta gazteak ez hainbeste, baina sentikorragoak diren zelula gehiago dituzte eta gazteak direnez, luzera arazoak izan ditzakete, helduetan gertatuz gero agian ikusiko ez direnak.

Eta, zer dela eta hegazkineko langileak eta astronautak?

Ba, hauek, lana dela eta, gizakiok urtean jasotzen dugun dosia baino askoz gehiago jasotzen dutelako irradiazio kosmikoegatik, batez ere ozono geruzaren babespetik atera orduko.  ESArekin proiektuak izan ditugu, astronauten bihotzek  zein aldaketa edo arazo –bihotzeko arritmiak adibidez– izan ditzaketen aztertzeko. Baina ni, zehazki, garunaren garapen goiztiarrean nabil lanean orain.

Zer da garunaren garapen goiztiarra? 

Enbrioia sortzen denean zelula horiek edozein gorputzeko zati bihurtzeko ahalmena dute, eta hoietatik garuneko lehenengo ama zelula nahiz neurona gazteak nola sortzen/diferentziatzen diren ikasten ari naiz, eta irradiazioak bide horretan nola eragin dezakeen. Enbrioiaren garapenaren lehenengo asteetan zehar gertatzen da nik aztertzen dudana.

Euskal Herrian zientzia-ikerlari izateko zailtasunak daudela diote zientzialari askoek?

Zailtasunak badira, baina Euskal Herrian aukerak ez dira txikiak, beste lurraldeetan baino diru eta interes gehiago dago. Hala ere, gehiago izan zitekeen. Aurreko galderarekin lotuz, ikerlari izateko zailtasun handienetakoa proiektuak aurrera eramateko diru-sarrerak lortzea da. Eta alde horretatik hamarkada honetan jasandako krisia latza izan da. Eta horrelako diru-sarrera hutsuneak daudenean, zaila egiten da ikerketak aurrera eramatea. Diru-iturriak urritzen direnean langile ez egonkortuek eta emaitzek sufritzen dute, eta berriz dirua datorrenean beranduegi izan daiteke, beste ikerlariek aurrera egin dutelako eta atzean geratu zaitezkeelako, bai teknika zaharkitu zein langile kopuru eta hauen formakuntza aldetik ere –gogoratu, laborategiko martxa zeramatenak joan behar izan dutela dirua amaitzean–. Hori deritzot Euskal Herrian zailena, bestela, azpiegitura eta ikerkuntzarekiko abegikortasuna badagoela iruditzen zait, baina ikerkuntzarako diru-sarrerak egonkortzea aurrerapausu handia litzateke.

Zure asmoa hona itzultzea al da?

Momentuz beste bi urteko kontratua daukat eta laborategi berean beste aukeraren bat izango banu gustura geratuko nintzateke. Gustuko lan-ingurua daukat eta horrek balio handia du. Noski, sorterriak asko erakartzen du: familia, lagunak, itxasoa... baina hemen ere ordezkoak topatu ditut eta momentuz ez dago nire planetan itzultzea. Hemendik urte batzuetara gauzak aldatuko balira, agian emango nuke itzultzeko pausua; baina esan bezala, nahiko lur mugikorrak dira eta... ikusiko dugu!