137 arraunlari denboraldi berrian

Karkara 2016ko eka. 6a, 17:30

10 ontzi baino gehiago izango dira denboraldi honetan, 137 arraunlari inguru. Igandean egin zuten aurkezpena, herriko plazan, eguerdiko 13:00etan.

Xabi Ibargurenek aurkeztu zuen ekitaldia. Berak hartu zuen hitza eta berak aurkeztu zituen 2016-2017 denboraldiko arraunlariak, infantiletatik hasi eta seniorretaraino. Guztira 137 arraunlari arituko dira mirotz leinuan.

Arraunlariak aurkezteaz gain, entrenatzaileek ere hartu zuten hitza. Errastik, Aizperrok eta Zabaletak hitz egin zuten. Hirurek denboraldia hasteko gogoa azaldu zuten. Hiru entrenatzaileentzat etapa berri bat da hasi dutena. Aulki mugikorrean ere entrenatzaile berria du Oriok, Jokin Amilibia. Baina, kasu honetan, Imanol Garmendiari pasa zioten hitza eta Riorako Joko Olinpikoetarako txartela lortu ez izanaz galdetu zioten. Kirolean irabazi eta galdu egiten dela aipatu zuen, eta orain lanean jarraitu beharra dagoela.

Amaitzeko Ibon Huegun presidenteak hartu zuen hitza. Ibonek zorte ona opa zien arraunlari guztiei. Orioko azken Kontxako estropada Irakoitz Etxeberriak eta Joxean Olaskoaga Aizperrok irabazi zutela aipatu zuen, eta aurten biak elkarrekin dabiltzala banderen aldeko lehian egotea espero du Huegunek. Errastiri gazteekin lan egiteagatik eskerrak eman zizkion, baita Amilibiari ere aulki mugikorraren ardura hartzeagatik. Etxeko gizonak dira biak, eta Amilibiari berriz ere etxean egoteagatik eskerrak eman zizkion. Amaitzeko Zabaleta eta Erkiziari eman zizkieten eskerrak, bereziki Zabaletari, berriz Oriora etortzeagatik. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!