Haizea Arrizabalaga da IGO kanpainako irabazlea

Karkara 2016ko mai. 4a, 09:18

Atzo arratsaldean egin zen zozketa parte hartzaile guztien artean eta Haizea Arrizabalaga Agirrek irabazi du Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina.

Apirilean jarri zen martxan aurtengo Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa. Euskaraz irakurtzeko aukera zabala dago egun, eta, kanpainaren bitartez, oriotarrak euskarazko liburu horiek irakurtzera bultzatu nahi du Udalak. Gainera, ekimenak beste bi helburu ditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.

Apirilean hasi eta maiatza amaierara arte iraungo du egitasmoak. Izenak adierazten duen moduan, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko. Lehenik eta behin, irakurri. Euskaraz irakurri behar da udal liburutegira joanda eta maileguan liburu bat hartuta. Ondoren, liburua gozatu behar da, irakurri. Irakurri ondoren, liburutegira itzuli behar da eta fitxa bat bete ostean, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu %35eko deskontuarekin. Azkenik, Orioko liburu dendaren batean euskarazko liburu bat erosi beharko duzu eta nahi duzunari oparitu: lagunari, senide bati edo zure buruari.

Hiru pauso horiek bederatzi lagunek bete dituzte apirilean. Bederatzi izan dira egitasmoan parte hartu duten oriotarrak. Atzo arratsaldean egin zen parte hartzaileen artean zozketa eta Haizea Arrizabalaga Agirrek irabazi zuen.
10 urte ditu Arrizabalagak eta sarritan joaten da udal liburutegira.

50 herritan egingo da egitasmoa Hego Euskal Herrian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!