Arrauna 2015

Agirre eta Gutierrez: "Aurten irabazteko gogo handia daukagu"

Karkara 2015ko ira. 1a, 08:19

Biek dute ingurukoak ere aktibatzeko adina energia. Biak dira gogorrak. Biak serioak, biak alaiak. Eta gu biekin elkartu gara, Nadeth Agirre –1993, Orio– patroiarekin eta Maria Gutierrez –1981, Gueñes– arraunlariarekin.

Itzalpetik eguzkitara joan ginen. Eguzkiak gogotik jotzen zuen pasa den ostiralean. Ederki goxatzen zuen. Esperoa gozoagoa zen horrela. Nadeth Agirreren zain geunden Maria Gutierrez eta biok, patroirik gabe ezin baikenuen estatxa askatu eta elkarrizketa abiatu. Handik gutxira agertu zen taldeko gidaria, pozarren, bere urtebetetze eguna baitzen. Ezer baino lehen zoriondu egin genuen. Kontxako bandera urtebetetzetako opari onena litzatekeela aitortu zuen.

Alderatu iazko eta aurtengo egoera. Momentu berean oso egoera ezberdinean zaudete.

Maria Gutierrez: Egoera ezberdina da. Orain konbentzimendu handiagoa daukagu. Kontxarako sailkatuko garen uste osoa dut.

Nadeth Agirre: Bai, sailkapenerako bai.

Gutierrez: Eta iaz baina gogo handiagoa daukagu.

Handiagoa oraindik?

Agirre: Bueno...

Gutierrez: Kontxa jokatzekoa?

Agirre: Hori bai. Baina nik uste dut kontzienteagoak garela ostegunean bai ala bai barruan egon behar dugula.

Zertan aldatu da taldea?

Agirre: Orain konfiantza handiagoa daukagu, eta gure buruari ere gehiago eskatzen diogu. Lehen konformatu egiten ginen, orain ez.

Gutierrez: Orain irabazteko gogoa daukagu. Lehen estropadak ondo bukatzea zen helburua eta orain irabazi egin nahi dugu. Geroz eta jende gehiago dago, atzetik datozenak, estutzen; hortaz, bakoitzak bere onena eman behar du tostetan tokia izateko eta hori entrenamenduetan igarri egiten da.

Agirre: Irabazteko gogoa ez zaigu falta.

Kontxarako sailkapenera nola iritsi zarete?

Agirre: Estropadak jokatzen genituen baina ez genuen hobekuntzarik ikusten. Emaitzak onak ziren, jendeak zoriondu egiten gintuen, baina gu ez geunden gustura. Klaudiok ere esaten zigun: zergatik zoriontzen gaituzte? Berez hobeak gara. Baina abuztu erdialdean aldaketa bat egin genuen traineruan. Orain estropadetan aktiboago gaude.

Gutierrez: Nik uste dut indartsu gaudela. Eta, garrantzitsua dena, ez daukagu bajarik. Ez dago inor lesionatuta...

Agirre: Eta beste urtetan izaten ditugu horrelakoak...

Gutierrez: Bai, baina aurten aldaketa asko ditugunez, sasoiko iritsi gara.

Aldaketa asko eta guztiak baliagarriak...

Gutierrez: Baten eta bestearen arteko desberdintasunak ez du eraginik estropadan.

Aurtengo helburua ez da sailkatzea, beraz.

Agirre: Bai, sartu egin behar dugu, zeren edozer gerta liteke; baina igandean ari gara pentsatzen, gehienbat.

Gutierrez: Helburua aldatu egin da. Iaz gure xedea sailkatzea zen eta aurten irabaztea da.

Iaz, ordea, bai. Sailkatu eta ametsa bete zenuten. Zer oroitzapen daukazue?

Agirre: Oso berezia, hunkigarria, izan zen.

Gutierrez: Niri oroitzean oilo-ipurdia jartzen zait oraindik.

Agirre: Kontxarako daukagun ilusioa beti berdina da. Sailkatzen ez ginenean, sailkatu ginenean... Kontxa berezia da, hortaz, beti egiten du ilusioa.

Gogoan dut iaz Nadethek esan zigula Kontxara sailkatu arte ez zuela arrauna utziko.

Agirre: Orain irabazi arte [barreak]

Azken urteetan ez dute arraunlari askok utzi taldea eta talde bera duzue, esate baterako. Horrek ere eragina izango zuen hobekuntzan, ezta?

Agirre: Nik uste dut eragin handia izan duela. Nik, adibidez, hasierako urtetan arraunean ibiltzen zirenak dauzkat kuadrillan. Aurreneko hiru urtetan batzuk arraun egiteari utzi zioten, besteak hasi egiten ziren eta ez zen multzoa mantentzen. Azken hiru urtetan, ordea, bai.

Gutierrez: Blokea azken hiru urtetan egin dugu. Nik uste dut horregatik garela onenen artean lehiakorrak.

Agirre: Ni, adibidez, kuadrillako horiek konbentzitu nahian nabil. Berai gustatzen ez zaiena lehen geneukan egoera da, ez zegoela progresiorik. Baina esaten diet orain ez dela berdina. Konstantziak fruituak ekarri ditu.

Itsasoan da Kontxako estropada. Hobe horrela?

Gutierrez: Niri gehiago gustatzen zait.

Agirre: Niri ere bai.

Gutierrez: Estropada onak eta ez hain onak izan ditugu itsasoan, baita errioan ere. Itsaso harroarekin oso ondo egin ditugun estropadak daude, eta ibaian ondo egin ditugunak ere bai. Denetik egin dugu. Baina niri gehiago gustatzen zait itsasoa.

Agirre: Errespetu handiagoa ematen dizu, baina niri ere urtetik urtera gehiago gustatzen zait itsasoa. Ibaiak aspertu egiten dit.

Gutierrez: Nik ez dut aspertzeko denborarik izaten [barreak]

Agirre: Ez da hori, esan nahi dudana da lehen itsasoak beldurra ematen zidala, errespetua nion, eta arraunlariek ere ez zidaten izugarrizko konfiantza transmititzen. Baina urtetik urtera konfiantza hori handitzen joan da, bakoitzak bere buruarengan baita gainontzekoengan ere. Orduan, nahiago dut itsasoa.

Gutierrez: Euskadiko Txapelketan bezala...

Iaz hautsak harrotu zituen patroiak gaztelaniaz hitz egitearen gaiak. Zuk, nahiz eta taldean erdaldunak izan, euskaraz egiten duzu.

Agirre: Zerbait luzea esan behar badut, azalpen luzeren bat eman behar badut estropada baino lehen, Lukenek edo Mariak itzultzen die. Nik errazago egiten dut euskaraz. Badakit gaztelaniaz esaten badut ez dudala ongi esango, hortaz, euskaraz esaten dut.

Estropadan zerbait azpimarratu behar badut, berari zuzentzen naiz eta oinarrizko hiztegi hori nola den azaltzen diot. Adibidez, burua es cabeza. Eta berak dagoeneko badaki jakin beharrekoa den hori.

Gutierrez: Bere jardun naturala euskaraz da. Gaztelaniaz hitz egingo balu ez luke esango esan nahi duen hori. Hortaz, berak euskaraz egiten du eta Lukene eta biok itzuli egiten diogu, Ireneren aldamenean egoten baikara.

Maria zuk euskara ulertzen duzu baina hitz egiteko konfiantzarik ez daukazu. Hori horrela izanda, zer iruditzen zaizu Nadethek euskaraz egitea?

Gutierrez: Nik beti esaten diot niri euskaraz hitz egiteko. Beti esaten diet. Oso ondo iruditzen zait, hala izan behar du.

Agirre: Azkenean, Orion erdaraz hitz egitea... Etortzean denak badaki zer dagoen.

Patroiaren rolaren inguruan hitz egiten gabiltzala... Maria, zuretzat patroi batek nolakoa izan behar du?

Gutierrez: Niri Nadethek transmititzen didan gauzarik garrantzitsuena segurtasuna da. Berak egiten duen hori ziurtasunez egiten du. Izaera handia dauka, pertsonalitate handiko neska da. Hortaz, berak esaten duena eztabaidaezina da.

Niri segurtasuna ematen dit. Ziabogara iristean, adibidez, ez naiz pentsatzen jartzen ea nola hartuko duen ziaboga, nerean zentratuta egoten naiz. Badakit ondo egingo duela, konfiantza guztia dut beregan.

Eta zuk zer eskatzen diozu arraunlari bati?

Agirre: Traineruan gauden momentuan ni errespetatzea. Niri batzuetan iruditzen zait agindu egiten dudala, baina agindu egin behar dut. Baina bestela ez didate kasurik egingo.

Gutierrez: Agintzen du, bai...

Agirre: Baina bestela nire esanei ez liekete kasurik egingo. Gogor jartzen naiz, eta errespetatu egiten naute.

Gutierrez: Izaera handia dauka. Baina hori beharrezkoa da horrelako talde handi bat gidatzeko. Baina berak arau batzuk jartzen ditu, niri guztiz zuzenak iruditzen zaizkidanak, eta denboraldi osoan zehar bete behar dira. Txiklerik ez jatea, adibidez. Obsesio bat dauka horrekin.

Agirre: Obsesioa zuena [barreak]. Txiklerik ez, ilea ondo lotuta... Horrelakoetan nik errieta egiten diet, baina barrutik barregura izaten dut.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!