Arrauna 2015

Ezina ekinez egina

Karkara 2015ko abu. 2a, 12:56
Argazkia: Joxemari Olasagasti

Emaitza onak lortu dituzte Getarian bai emakumezkoek, bai gizonezkoek. KAE 1 ligako txanda irabazi zuten mutilek eta neskek bigarren egin zuten estropadan.

Nork esan du, ezinezkoa da? Nork onartu du, hori hala dela?  Zaila bada, ez da ezinezkoa; zaila bada, badago lortzea. Eta eroriz ikasten bada oinez, has gaitezen bidea egiten. Urtz taldearen kantuak dioena hitzez hitz bete dute Orioko neskek, ez baitituzte inork geldituko.

Iaz erori ziren Euskotren ligara ez sailkatuta, kolpe gogorra jaso zuten. Baina horrelakoek taldea trinkotzeko balio izan diete beti. Argi izan dute itzalak ez dietela hartuko eta bidarik luzeena, beti, pauso batez hasten dela. Eta horrela, pausoz pauso, hobetzen joan dira.

Iraileko zita berezian Kontxarako zubia igaro zuten, ordura arte hain gertu eta aldi berean hain urrun izandako lortu zuten, eta ez nolanahi gainera. Gozatu eta gozarazi egin zuten. Urtetako arantza kendu zuten. Eta aurten, iazko arantza kentzea ere lortu dute Euskotren Ligara sailkatuta. Eta pausoka-pausoka, helburuak bete eta onenen artean kokatu dira. Ez daude lehiakidearen itzalpean, arerio zuzenak dira.

Asteburu honetan ere hori erakutsi dute Getariako uretan. Gipuzkoako Traineruen Ligako estropadan Zumaiak aurrea hartu zuen eta estropadaren buruan kokatu zen hasiera-hasieratik. Orio lehen ziabogara bigarren postuan iritsi zen, Telmo Deun ontzitik zortzi segundora. Bigarren luzean zumaiarrek hanka egin zuten arren, oriotarrek beren postuari eutsi zioten eta bigarren postuan amaitu zuten estropada. 

Sailkapena

1. Zumaia   10:58:57
2. Orio        11:15:07
3. San Juan 11:21:52
4. Hibaika   11:30:57

Amestutako hori lortu dute oriotarrek. Ezinezkoa zirudiena posible zela erakutsi dute. Aspaldi hasitako bidaian aurrera doaz, bidailagun-talde sendoa osatuta. Eta, erakutsi dute bide horretan inork ez dituela geldituko. 

KAE 1eko taldea ere gero eta sendoago

Getarian larunbatean eta igandean lehiatu dira oriotarrak. Larunbatean, estropadaren lehen txandan lehiatu ziren eta berak izan ziren bizkorrenak, txandako irabazleak. Sailkapen orokorrean bederatzigarren postua lortu zuten, irabazleak minutu bateko tartea aterata.

Igandean ere fin aritu dira eta maila ona erakutsi dute. Beren txanda irabazi dute, beste behin. Hauek ere pixkanaka-pixkanaka talde sendoagoa dute eta horren erakusle diren emaitzak ari dira lortzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!