Orioko elkartea hasieran ere eredu

Manu Etxeberria 2015ko uzt. 1a, 16:07

Antonio Campos, lehen presidentea, Iñaki Agote, Benedicto Etxeberria, Juan Luis Amilibia, Luxiano Manterola, Estanis Sarasua, Juanito Altxerri,  eta abar aipatuko genuke CRO Orio elkartearen sorreran. Hala ere, abentura haren hasieran benetako bultzatzailea Patxi Sarasua izan zen.

Hogeita hamar aurrerago joanda ulertu dezakegu hain berritzaile eta iraultzaile izan zen gure elkartearen sorrera. 1936ko Joko Olinpikoetara skiffean joateko prestaketan ibili zen Inaxio Sarasua, eta orduan jarri zuen hazia. Haren semeak, Patxik, hiru hamarkada pasata gero, ekimen hari bultzada berria eman zion, eta elkartea gogo eta ilusioz gainezka antolatzeari ekin zion.

1964an, ideia hura buruan zebilkiela joan zen Patxi lagun handia eta Zarauzko Club Deportivo taldeko presidentea zen Emilio Olazabalengana jo zuen, haien elkarteko estatutuak behar zituela esanez. Lehen harria jarrita zegoen. Ondoren, ideia berrietarako prest zegoen gazte-talde bat bildu eta, hilabete batzuk igarota, 1965ean, ekainaren 19an zehazki, sortu zen Club de Remo Olímpico de Orio izena hartu zuen elkartea. Aitaren antzera, Patxi 1964an Donostiako Ur-kirolak taldean skiffean ibilia zen.

1960ko hamarkadako urteak, euskal arraunketarentzat giltzarri izan ziren, lehenago eta gero nabarmenekoak izan baitziren. Orduantxe sortu ziren trainerillen lehiaketa ofizialak, baina traineruak, oraindik ere, aspaldiko lege eta ohiturei jarraitzen zien. Oriotarrek hala behar zuela erakutsita, alboan utzi ziren estropada aurreko kiloko txuleta haiek; hogei minutuko entrenamenduak, estropadak irauten zutena hori zela ikusita; hasi eta jota jo egindako entrenamendu-saioak, beroketarik gabe; tostako ontziak eramateko kamioia erremolkeak ordezkatu zuen; arraun trinkoak, egur-zati batekoen ordez, mugikorrean erabiltzen ziren antzera, zatika eta arinagoak egiten hasi ziren; tostak eta toleteak ontzian hitzez lotzea ere historiara pasa zen*. 

Oriok, abangoardian, modernitatea ekarri zuen

Orioko taldea sortu eta gutxira beste hainbat agertzen ziren euskal arraunaren baitan. Esate baterako, 1966an Pasai Donibaneko Koxtape sortu zen; 1968an Santurtziko Itsasoko Ama; eta 1969an, Donostiako Arraun Lagunak.  Dena dela, haien artean, oriotarrak izan ziren, aurreko atalean adierazi bezala, txalupara pasa eta arrakasta lortu zutenak.

Orio, berriro ere, abangoardian zebilen. Eta halaxe onartu zuten garaiko arraunzale eta adituek. Kantauri osoan izan zuen oihartzuna Altxola traineru mitikoaren ibilbideak. Oriotarrei esker urte haietan arraunaren munduak asko irabazi zuela onartzen zuten nonahi. Espainiako txapeldun izan zen Pedreñako direktibo batek hala zioen* La Voz egunkarian: ORIO, UN EJEMPLO A SEGUIR. José Luis Carral, de Pedreña: Del clamoroso triunfo de la tripulación oriotarra tenemos que sacar alguna positiva consecuencia. La de Orio es una preparación extraordinaria. Quedan olvidados aquellos secretillos que cada patrón guardaba celósamente. Ahora en Orio todo es claridad; todos saben lo que hacen y porqué lo hacen. Hacen partícipes a los demás de sus experiencias y conocimientos. Ha cambiado la mentalidad. Valga esta anécdota: con el dinero de una regata han comprado una cámara y un proyector; de esta manera filmaron y luego vieron sus actuaciones (…)  Orio es hoy en dia, y lo dice un pedreñero, es como un catedrático solicitado por todas las universidades para que explique sus saberes.

Kontxan, oriotarren erakustaldia, ikusgarria

Inork ez zuen espero aurreneko urteetan elkarte berriak horrelako bilakaera izango zuenik. Izan ere, bi urteren buruan, 1967an Estatuko txapelketa zortzikoan irabazteko hautagaiak ziren oriotarrak. Ez zuten txapelketa jokatzerik izan, egun batzuk lehenago ez zutelako jokatu nahi izan Gipuzkoako txapelketa San Pedroko festetan antolatu zutelako. Baina, hurrengo urtean, 1968an, aise nagusitu ziren Espainiko txapelketan zortzikoak, besteak beste. Halaxe egin zuten hurrengo bi urteetan, 1969 eta 1970ean.  Azken honetan, 1970an, udara iritsita, eta arraunketa olinpikoak eskatzen zuen dirua lortzeko asmoarekin, trainerutan ematen ziren diru-sariak eskuratzeko traineru estropadetan parte hartzea erabaki zuten.
Outriggerreko denboraldia bukatuta, txalupa uretaratzeko garaia iritsi zen. Kontxa aurretik jokatutako estropada batean Oriok atera zuen traineru berezia, Altxola, omen zen zaletuen ustez garaipenaren arrazoia. Kolorea ere berezia zuen: barniz kolorea. Artean, traineru guztiak beltzat izaten ziren. Itxura ere, beraz, iraultzailea.

Hala ere, Donostiako badian ohitura zen moduan, traineru guztiek antolatzaileek jarritako traineru beltz astunak erabili zituzten.

Honenbestez, arraunzale guztiak aho-zabalik utzi zituzten oriotarrak, lehenbiziko igandean, aurreko urtean txapelduna izan zen Lasarte-Michelineko traineruari 45 segundoko aldea atera ziotenean. Euskal arraunketaren aro moderno martxan zegoen; eta oriotarrak, azken 50 urte hauetan sarritan, gorabeherak gorabehera, gertatu den moduan, punta-puntan, nagusi ziren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!