Nazioarteko estropadak

Esperientziari zukua ateratzeko asmotan

Karkara 2015ko api. 1a, 15:47

Patrick Short arraunlariarekin eta Mark Beer entrenatzailearekin bildu gara. Astelehenean etorri ziren Cambridgetik Oriora, opor egunak aprobetxatu eta arraunean ahalik eta gehien mamitzeko. 

Zergatik etorri zineten astelehenean?

Mark Beer: Oporrak dauzkagunez eta entrenatzeko denbora daukagunez, hona etortzeko erabakia hartu genuen. Batetik, horregatik, entrenatzeko denbora delako eta Orio horretarako leku ezinhobea delako. Bestetik, hemengo kultura ere ezagutu nahi dugu.

Oriotarrak han izan zirenean zein instalakuntza zituzten azaldu zizuen. Horrek ere eragingo zuen astebete hemen geratzeko erabakian, ezta?

Patrick Short: Atentzio handia eman zigun erakutsi zigutenak.

Mark Beer: Instalazio hauen maila oso altua da, munduko onenen artean sartuko nuke nik. Horregatik da garrantzitsua guretzat aukera hau baliatzea hemen entrenatzeko. Horrez gain, Orio bezalako tradizio handiko taldeen aurka lehiatzea oso polita da guretzat, baita Frantziako edo Espainiako beste taldeen aurka ere.

Short: Ingalaterra ez den toki batean entrenatzea ere ona da guretzat. Hemen eguraldia ezberdina da, esaterako.

Eguraldia ez ezik, mareen kontua ere ezberdina da, ezta?

Short: Bai da ezberdina. Toki honetan marea goran dagoenean entrenatu dezakegu; zailagoa da beheran dagoenean. Baina, beheran badago, pesak edota ergometroa egin dezakegu. 

Beer: Londresen ere badaude mareak, eta horrez gain, korronte biziak egoten dira. Baina Cambridgen ura igerileku batean bezala dago, geldi-geldi. Guretzat oso ona beste baldintza batzuk ezagutzea, Oriokoa bezala; etorkizunean ez baitakigu zein uretan lehiatuko garen.

Baina, mareen kontuak, pentsatuta zenuten ordutegia hankaz gora jarri dizue, ezta?

Short: hasieran ez genekien zerkin topatuko ginen eta horren araberako ordutegia egin genuen. Dena den, egunean hiru aldiz entrenatzen dugu, lehenago erabaki bezala. Goizean entrenamendu bat egiten dugu eta arratsaldean bi.

Ezagutzen ez zenuten beste kontu bat trainerak ziren, ezta?

Beer: Han ez daukagu hori, baina guretzat oso dibertigarria izango litzateke horrelako ontzi batean arraun egitea. Oso desberdina izango dela pentsatzen dut. Horrelako lehia batean parte hartu nahiko genuke, eta bandera irabazi. 

Short: Uste dut galdu egingo genukeela, berak esperientzia handia baitute. 

Akaso traineren bandera ez, baina Nazioarteko Estropadak irabazteko helburuarekin etorri zarete?

Beer: Lehiaketa formatu honekin edonork irabazi dezake, oso distantzia motza baita. 700 metro bi minututan egiten dira, eta hor oso zaila da desberdintasuna markatzea. Halaber, gu arraun azkar eta indar askorekin saiatuko gara egiten.

Polita da guztiak ikasleak ala langileak izatea, hau da, inor arraunlari profesionala ez izatea. Horrek lehia biziagoa egiten du, estuagoa. Polita izango dela uste dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!