Lidertza galdu du Oriok

Karkara 2015ko mar. 31a, 16:18

0-2 galdu zuen sailkapenean bigarren postuan zegoen Euskaldunaren aurka. Bost jardunaldiren faltan lider amaitzea posible dela uste dute eta horren bila joango dira

Jende asko hurbildu zen Andoaingo Ubitarte futbol zelaira, oriotar asko joan ziren oriotarrak babestera. Autobusa antolatu zuten taldea animatzeko, eta autobusean ez zen toki librerik gelditu. Partida garrantzitsua zen: liderra bigarren sailkatuaren aurka.

Euskalduna oriotarrengandik hiru puntura zegoen, hortaz, helburu berberarekin hasi zuten bi taldeek partida: amaieran, lider izatea. Oriok lider izaten jarraitu nahi zuen, lehen postuan jarraitu. Eta partida indar horrekin hasi zuten, markagailuan aurre hartzeko gogoarekin.

Aukerak, ordea, ez zituzten asko izan. Ez batak, ez besteak. Edukitako aukera gehienak akatsen ondorio izan ziren, tentsio handiko partidetan gertatu ohi den bezala. Hala ere, Solaberrietak egindako erdiraketa langara joan zen, eta Elustondok sartutako gola epaileak baliogabetu egin zuen, zalantzazko jokoz kanpo baten osten.

Gorabehera horien gertatu arren, markagailua ez zen mugitu eta atsedenaldira 0-0 iritsi ziren. Bigarren zatia ere antzera hasi zen, baina, zoritxarrez, areaz kanpoko jaurtiketa baten ostean Euskaldunak aurrea hartu zuen.

Banakoa sartzeko aukera izan zuen Oriok, baina ez zuen aukera baliatu.Euskaldunak, ordea, izandako aukera aprobetxatu zuen. 2-0koa iritsi zen areaz kanpoko beste jaurtiketa bikain batekin. Oriotarrak saiatu ziren lidertzan mantenduko zieten gola sartzen, izan ere, 2-0ko gol tartearekin, Andoaindarrak izango lirateke lider. Partidaren hondarrean, Rekejok jaurti zuen falta ederra langara joan zen.

Aukera gehiagorik ez zuten izan eta 2-0 galdu zuten oriotarrek; baina, partida ez ezik, lidertza ere galdu zuten. Orain, Euskalduna eta Orio berdinduta daude sailkapenean, bakoitza 58 punturekin, baina gol kopuruagatik Euskaldunak du lehen postua.

Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, oso estu daude kontuak. Lehen bi sailkatuak berdinduta, hirugarrena zortzi puntura eta laugarrena hamarrera. Oriotarrek orain arte bezala jarraitzea dute helburu, lana ondo egin baitute. Etxeko lanak ondo egiteko asmoarekin eta Euskaldunaren akatsaren zain geldituko dira oriotarrak.

Ondorengo partida oporren ostean izango dute, hilaren 18an edo 19an, Mendibeltzen, Deusto Donostiaren aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!