Gertutasunaren goxotasunean

Iker Gurrutxaga 2015ko mar. 31a, 15:35

Rock izar handi asko izan dira beren musikaz tarteka modu akustikoan gozatzeko aukera eskaini dutenak. Eta ez dago zalantzarik Anje Duhalde euskal pop-rockaren erreferenteetako bat dela esatean.

Denboraz larri iritsi ginen Kultur Etxera. Eserlekua izango genuenaren ziurtasunak horretarako baimena emanda. Baina, eserlekua non egokituko, eta, lehenengo errenkadan. Bozgorailuaren parean. Azkenekoz Anje Orion izan zeneko zapore gazi-gozo hura kentzeko ez zen aretoko lekurik onena.

Oraingoan bestelakoa izan zen ordea. Goxo-goxo sartzen ziren Anjeren eta Remyren gitarra doinuak belarrietatik. Baita haien ahotsak ere. Ume txikien pare, lurrean irakurri genezakeen abesti zerrendari begira aritu ginen, eztarriak berotu eta kamera prest izateko. Datorren abestia kantuz izango duk! Azkenerako utzi dik Amnistiaren Dema! Emozionatuta ginen.

Aretoa lepo, adin guztietako jendea Duhaldek berak nabarmendu zuen bezala. Sentimendu desberdinen meta ederra osatu genuen. Batzuk abestiek sortuak, besteak Anje Duhalde eta Remy Gachisen umoreak piztuak. Izan ere, nahikoa algara egiteko aukera eman ziguten musikari lapurtarrek.

Ni, euskal paradoxari ironiaz aritu zitzaion momentuekin geratzen naiz. Errepikaren momentuan, barkatu, euskaraz estribilloa edota Lümarik ejerrena beitzaio erori… Orain euskaraz! Lalala… Zirtolari galanta haiz Anje!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!