Atxagaren obren argazkia eta itzulpengintzaren ekarpen onuragarria

Karkara 2015ko api. 1a, 09:56

Elizabete Manterola Agirrezabalagak Euskal Literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanak erdaretan liburua argitaratu du.

Elizabete Manterola EHUko Itzulpengintzan doktorea eta Letren fakultateko irakaslea da. Euskal literatura itzuliaren katalogoa sortu zuen eta ikerketa lerro nagusienetakoak hauexek dira: literatura gutxituen itzulpena, harremanetako hizkuntzen arteko itzulpena, euskal literatura, autoitzulpena, zeharkako itzulpena eta corpus-hizkuntzalaritzetan oinarritutako itzulpen ikasketak.  Oraingo honetan, Euskal Literaturaren itzulian, Bernardo Atxagaren lan itzuliak aztertu ditu.

Euskal literatura gaztea da. Euskaraz egiten diren obrak erdaratara itzultzea gero eta ohikoagoa da, eta hori ez du arazo ikusten Elizabete Manterolak. Berak argitaratutako liburuan itzulpenek euskal literaturan izan duten eragina aztertu du, besteak beste; eta euskal literatura indartzen, aberasten eta normaltzen laguntzen dutela ondorioztatu du.

Bere ikerketa lana Bernardo Atxagaren lanetan ardazten du. Asteasuarra da euskaldunen artean argitalpen itzuli gehien dituena, baita hizkuntza gehienetara ere. Guztira 100 itzulpen baino gehiago ditu, 35 hizkuntzetara eginak. Euskal literatura itzuliaren konplexutasuna bere osotasunean islatzen duen egilea da Bernardo Atxaga. Horregatik, Manterolaren ikerketaren ardatzean dago asteasuarra.

Atxagaren lana aztertu eta bere obren argazki zabala erakusteaz gain, ondorioak ere atera ditu oriotarrrak. Oro har, eta oso azaletik esanda, itzulpengintzak euskal literaturari onura ekarri diola ondorioztatu du Manterolak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!