Ibon Arrizabalaga: "Sexismoak sortzen duen desorekak ez du bakarrik emakumeen kolektiboan eragiten"

Karkara 2015ko mar. 6a, 17:44
Argazkia: Kronika

Emakumeen eguna ate joka daukagu. Berdintasuna, parekidetasuna, indarkeria eta matxismoa bezalako hitzek hartzen dituzte lerro-buruak egunotan. Ibon Arrizabalagak urte guztian zehar darabiltza hitzok ahoan, eta mundu hobeago bat lortzea buruan. Horretan dihardu lanean, buru-belarri.

Zer da zuretzat berdintasuna?

Erraz nahasten gara berdintasunaz hitz egiterakoan. Nola nahi dugu berdintasuna guztiak ezberdinak izanda? Guztiak ezberdinak gara eta ezberdintasun hori balio askoko altxorra da, bakoitza errepikaezina baita. Ezberdintasuna aniztasunaren zentzuan, oso balore baliotsua da.

Baina, ezberdintasuna aldea markatzeko erabiltzen dugu, gu zuek baina hobeak gara esateko. Hortaz, denok aukera, baldintza eta eskubide berdinak izatea litzateke berdintasuna.

Gaur egun, badirudi berdintasunean bizi garela; baina, ez dugu ikusi nahi batzuek harriz betetako motxilarekin egiten dutela bidea. Hasierako marran ez gara baldintza berdinetan egoten.

Parekidetasunaz ere hitz egiten da.

Pareko izatea. Aukera berdinak edo parekoak edukitzea bizitzaz topera goxatu ahal izateko. Norbere gaitasunak garatzea, nahieran, eta ez markatutako estereotipoen arabera.

Desberdintasunaz ari gara. Desberdintzean neskak mutur batean eta mutilak bestean jartzen ditugu.

Mutilen artean guztiak ezberdinak gara. Nesken artean ere guztiak ez zarete berdinak. Neskak horrelakoak dira! Mutilak horrelakoak... esaten dugu sarritan, baina ez dago modu bat neska izateko, ezta mutila izateko ere. Saiatzen gara modu horiek ezartzen eta markatzen.

Berdintasunaz ari garenean beren artean desoreka dagoen taldeez ari gara, botere harreman desorekatua duten taldeez.

Neskak horrelakoak gara... bezalako esaldiak estereotipoetan oinarritzen dira. Nork, zergatik, jartzen ditugu estereotipoak?

Ez dago errudunik. Joera daukagu errudunak bilatu eta lasai gelditzeko, baina guztiak gara honen parte. Gizartea sortu zenean gauza batzuek funtzionatzen zuten, eta gauza horiek errepikatzera jo genuen. Balore bat eman zitzaion ez zuenari, funtzioa bukatutakoan horrela izaten jarraitu zuen.

Emakumea zaintzara dedikatzeak eta gizonezkoak kanpoko jarduna egiteak iraganean balio izanak ez du esan nahi egun balio duenik. Gauzak errepikatzen jarraitu behar dugu nahiz eta zentzurik ez eduki? Nahiz eta guztion kalterako izan? Hori, edo bidezkoagoa den egituratzeko modua sortu behar dugu?

Eremu publikoa, maskulinoa da; pribatua, femeninoa. Kontrajarriak dira biak.

Gizarte kapitalistak lan-esku gehiago behar izan duenean, emakumeen lan indarra baliatu du. Horrek parekotasuna lortu izanaren itxura eman du, baina krisian berriz ikusi da zein dagoen zeinen menpe.

Menpekotasun harremanek indarkeria dakarte?

Botere desoreka dagoen harremanetan ematen da indarkeria. Ahal duenak zerbait lortu dezakeelako erabiltzen du. Horregatik ez da hain ohikoa emakumeek erabiltzea indarkeria.

Ezin da pentsatu emakumeek jasaten duten indarkeria gizonezko gutxi batzuen egoera psikologiko txarragatik dela, egiturari dagokion zerbait da. Eta indarkeriak ­mota guztietakoak– jarraituko du parekidetasuna lortu bitartean.

Horrekin nola bukatu?

Gizonek emakumea menderatzen dute, baita haurrak, klase baxuagoko gizonak... Menderakuntzan oinarritutako mundu mailako egituran bizi gara. Gutxi batzuk dominatzen dute etenik ekonomikoa lortzeko helburuarekin.

Gainontzekoak zatitu gaituzte, elkarren aurka jarri eta gauza txikiei begirarazi. Pentsarazi digute hori dela lortu dezakegun gauza bakarra, eta, horrela, ezinezkoa da piramidea bota eta denontzat ona dena eraiki. Paradigma aldatu beharra dago, gainontzean, etengabeko krisian egongo gara.

Baina, nola?

Batu egin behar gara, berriro errespetatu behar dugu elkarri lotzen gaituena. Ezin dugu desberdintasunei begira egon, separatzen gaituen aldea eraikitzen. Sare horretatik aldatu dezakegu, izan ere, boterea guztiok daukagu baina ukatu egiten badugu gutxi batzuk bakarrik baliatuko dute. Guk boterea ematen ez badiegu, ordea, ez dute edukiko.

Zuek sare hori eraikitzen ahalegintzen zarete, ezta?

Arremanitz kooperatiban Harremonak egitasmoa garatzen dugu, batez ere. Hezkuntza ez da soilik eskoletan ematen, gehiena eskoletatik kanpo ematen da. Gazteak eskolara bidali arren, hortik kanpo ikusten dutena egiten dute. Eskolatik kanpo ez bada euskara hitz egiten, alperrik da eskolan ikasitakoa, gaztelania hitz egingo baitute. Hezkuntza komunitatea herri guztia da eta ikuspegi horretatik saiatzen gara lan egiten, tratu onak oinarrian dituen sarea osatzen.

Sexuen hezkuntza ere lantzen dugu. Gu izaki sexuatuak gara, jaiotzetik hiltzera plazera sentitu dezakegu, gorputz osoan. Horrek ikuspegi anitza eta irekia ematen digu, baina ikuspuntu hori ez dator bat erakusten diguten ikuspegi egozentristarekin. Saiatzen gara ikustarazten guri plazera ematen digunak balio duela inori kalterik egiten ez badio.

Libreki garatzeko aukera izatea lantzen dugun hirugarren ardatza litzake. Izan ere, mutilek baimena dute gauza batzuk garatzeko, baina beste batzuk ez, marineskak liratekeelako. Eta, neskak ere ezin dute alde batetik aktibo izan marimutilak edo putak izango liratekeelako.

Hori guztia hainbat esparrutan lantzen duzue.

Hiru ardatz horiekin ikastetxeetan nerabeekin, haurrekin eta irakasleekin; ikastetxetik kanpo, gurasoekin; aisialdi taldeekin; kolektibo feministekin, udalekin... egiten dugu lan. Herri mailako sarea berregituratzen edo dagona ardatz horien gainean kokatzen ibiltzen gara.

Nabaritzen duzue zuen aletxoak ekarpena egiten duela?

Bestela ez genuke jarraituko honetan, noski. Gazte batzuen beren bizitzan parte izatea erabakitzen dute, eta taldeak sortzen dituzte. Gero, unibertsitatean sexu askapen mugimenduetan, talde feministetan, gizon taldeetan... sartzen dira.

Zer dira gizon taldeak?

Sexismoak sortzen duen desorekak ez du bakarrik emakumeen kolektiboan eragiten. Gizonei pribilegio batzuk ematen dizkie, engainatuta edukitzeko eta ez ikustarazteko sistema ez dela ona.

Horrekin kontzientzia hartu nahi duten gizon batzuk biltzen hasi ziren duela hamarkada batzuk. Mugimendu ahula izan den arren, iraun egin du. Emakumeen arteko desorekari begiratzen diote, baina baita gizonen arteko harreman kalitateari ere.

Zuek ere mugatuta zaudete.

Ezin gara emakumeak bezalakoak izan, maritxuak izango baikara eta egurra jasoko baitugu. Homofobia dago hor. Etengabe egon behar dugu demostratzen ez garela marikoiak edo homosexualak.

Horrek elkar gaizki tratatzea dakar, elkar gustatzen eta maitatzen ez gara demostratzeko.

Ezin zarete afektiboak izan, hortaz.

Neskekin ere ez badugu sexurik nahi, ezin gara afektiboak izan. Bakarrik sexua nahi dugun emakumeekin izan gaitezke afektuoso. 

Gurasoekin, gazteekin... egiten duzue lan. Ezinbestekoa iruditzen zaizue beraiekin egitea lan, eta ez beraientzat?

Ederra litzateke berentzat aritu ahal izatea. Nahiko genuke asmatu zein den bere beharra, behar duten bultzada, gako hori nahiduen bezala bizi ahal izateko. Jakingo bagenu horixe egingo genuke. Hori jakiteko modu hoberena berekin egotea eta elkarlanean ikasten joatea da. 

Etzi martxoaren 8a izango da. Ospatu beharreko eguna iruditzen zaizu?

Jakina. Emakume guztiek egun hori ospatzea gustatuko litzaidake, eta gainontzekoak arduratuko ginateke beren eguneroko gauzak egiteaz. Emakumeek egun horretan izugarrizko festa egitea oso ondo legoke. 

Martxoaren 8a aldarrikatzen jarraitu beharko dugu benetan gauzak aldatzen ez diren bitartean, paradigma aldatzen ez den bitartean. Halaber, beti da arriskutsua eguna edukitzea, zeren egun hori markatzen da eta gainontzeko egunak hutsik geratzen dira. Zenbat elkarrizketa, bertso saio, antzerki... tema horren inguruan, orain, azken egunotan. Eta, gero, urte guztian zehar, zer?

Mila milioi emakumek bortxaketak eta jipoiak jasaten dituzten mundu batean bizi garen honetan, egun bat nahikoa da? Edo, egunero-egunero, hori amaitu bitartean, borrokan gabiltzan mundu antolatu bat izan behar dugu?

Hainbat ekimen ere egiten dira emakumeen egunari lotuta; Lilatoia, esaterako. Azken egunotan korrika emakumeek soilik egitea kritikatu da, eztabaidatu. Zuk zer diozu?

Mutil bezala inbidia pasatzea eta ikustera batzuetan ezin dugula parte hartu, ondo dago. Erraz kuestionatzen dira iproposamen feministak. Nesken afarietara ezin dugu joan, eta kexatu egiten gara. Sekula ez genuke planteatuko saskibaloiko afarira joatea futbol taldean bagaude.

Lilatoiak bere funtzioa du. Kexatzen diren guztiek pittin bat sakonago aztertuko balute, konturatu lirateke gainontzeko lasterketen argazkietan zein agertzen diren, zein korrikalariren izenak ezagutzen ditugun... eta hori horrela den bitartean beharrezkoa dela Lilatoia. 

Gizon batzuk baztertuta sentitu daitezke.

Gizonok ez daukagu zertan baztertuak sentitu berdintasunerako bidean. Guretzako leku handi-handi bat dago, eta hobe dugu purrustak alde batera utzi eta aktiboki lanean jarri. Denontzat. Maite ditugunontzat. Mundu hobeago batengatik.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!