8 garaipen asteburuan

Karkara 2015ko mar. 3a, 08:53

Gipuzkoako Batel Ligako bi jardunaldi jokatu dira asteburuan; bakoitzean lau garaipen lortu ditu Orioko Arraunketa Elkarteak.

Asteburu emankorra izan da Orioko Arraunketa Elkartearentzat. Zortzi estropada irabazi ditu asteburuan, lau larunbatean eta lau igandean. Emaitza hauekin Gipuzkoako Ligako zortzi mailetako bostetan lider da Orio.

Sortu berri den elkarteak –Oiartzungo Itsaslapurrak– antolatu zuen Gipuzkoako Batel Ligako 6. jardunaldia. Pasai Donibanetako uretan jokatu ziren estropadak eta Oriok lau mailatan irabazi zuen: infantiletan bi, junior mailan eta kadeteetan.

Infantiletan fin aritu ziren. 5:24:76 denborarekin txapeldunak izan ziren neskak. Mutilek 5:12:94ko denbora behar izan zuten estropada irabazteko. Kadeteetan mutilek irabazi egin zuten, 7:15:43 denborarekin; neskek, ordea, ezin izan zuten lehen postua erdietsi. Laugarren sailkatu zen Orioko kadeteen batel azkarrena, 5:15:42 denborarekin. Juniorretan, neskak, txapeldunak izan ziren, kronometroa 10:33:00 denboran geldituta. Mutilak hirugarren postuan gelditu ziren 9:45:39 denbora eginda.

Asteburuko bigarren jardunaldia, ligako zazpigarrena, Orion jokatu zen. Infantiletan, neskek eta mutilek garaipena eskuratu zuten 05:10:21 eta 4:46:63 denborekin, hurrenez hurren. Kadeteetan nesken ontzirik azkarrena laugarren gelditu da eta mutilena bigarren. Jubeniletan emaitza biribilak izan ziren, bai nesketan, bai mutiletan, irabazi egin zuten; 09:58:27 eta 09:07:14 emaitzarekin hurrenez hurren.

Maila bikaina ematen ari da Orio Arraunketa Elkartea Gipuzkoako Batel Ligan. Bost kategoriatan lider dago, eta orain arteko bidetik jarraitzea espero dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!