Puntu morea indarkeria matxistaren kontra

Karkara 2015ko ots. 8a, 08:12

Orioko Udalak puntu morea agerian jartzeko eskatu die herriko dendari eta tabernariei, emakumeen aurkako indarkeriari ezezko irmoa esateko.

 

Ohiko bilkura itxi zuen puntua izan zen morea. Emakumeen aurkako indarkeriari ez esan zion Udalak. Ez dute onartzen eraso matxistarik, eta pasaden iganden ustez Orion gertatutakoa berriz ez errepikatzea espero dute. 

Dena den, horrelako kasuren bat gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren atentzio zerbitzura deitzea gomendatu zuten. Erasotua bazara, edo biktimaren bat ezagutuz gero, beldurrik gabe, 900 840 111 telefono zenbakira deitzeko esan zuten. Izan ere, genero-indarkeria jasaten duten emakumeei edo bere gertukoei,  laguntzarako jarraibide onenak zein diren eta esku hartzeko nola prestatu azaltzen die arreta zerbitzu horretan. 55 hizkuntzatan atenditzen dute, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Gainera, telefono honetara egiten dire deiak ez dira fakturan agertzen. 

Puntu morea herriko dendetan eta tabernetan

Joan den asteburuan Orion ustezko genero-indarkeria kasua izan zen. 29 urteko gazte batek bere bikotekidea jo zuen, 8 hilabeteko haurdunaldia duena. Indarkeria matxista hori salatu nahi du Udalak, eta herriko dendari eta tabernariei puntu morea jartzeko eskaera egin die.

Otsailaren 27tik martxoaren 1era, beren establezimenduan, ageriko toki batean, Udalak banatu dien puntu morea jarri beharko dute. Protesta-ikur gisa erabili nahi du Udalak puntu morea, indarkeria matxistaren aurka.

Horrez gain, Orioko Udalak indarkeria matxistaren kontrako adierazpen instituzionala onartu zuen, aho batez, ostegunean egindako bilkuran.

Adierazpen instituzionalaren testua

Urtero-urtero, martxoaren 8an borroka feminista eguneratzen dugu. Emakumeok bizitzaren eta gorputzaren jabe izatea lortu behar dugu, bizimodu duina izateko eta sendotasun ekonomikoa eta soziala lortzeko. Emakumeak, edonon egonda ere, subjektu politiko eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragile izan behar du.
Horretarako, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea. Ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro gaitzetsi egingo dugula.
Orioko Udalak honako lehentasunak markatu nahi ditu:
1. Berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
2. Programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
3. Emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.
4. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.
Azken puntu horri lotuta, Orioko Udalak salatu egin nahi du pasa den igandean, otsailak 22, herrian gertatu zen ustezko genero indarkeria kasua: 29 urteko gazte bat atxilotu zuten Orion, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean dagoen bikotekidea jo zuelakoan. Orioko Udalak, gertakaria gaitzesteaz gain, babesa eskaintzen dio biktimari. Horrez gain, elkartasuna adierazteko, honako eskaera egiten die Orioko dendari, profesional eta tabernariei: datorren asteburuan, otsailaren 27tik martxoaren 1a bitartean, jar dezatela beren establezimenduan, ageriko toki batean, Udalak banatuko dien PUNTU MOREA, indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiarekiko sentiberatasuna zabaltzen laguntzeko

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!