Maite zaitut, Orio

Nere Manterola 2014ko aza. 28a, 12:21

Baina ez da beti horrela izan. Izan dira hain gustuko ez zintudan garaiak ere. Txikitan gaizki pasatzen nuen zu, nongoa zara ba? galderaren aurrean. Batzuetan Felipe Arostegiren biloba esaten nuen. Beste batzuetan Xanti Txagaren alaba eta bestetan, berriz, Milagros Arostegiren alaba. Hirurak ziren erantzun zuzenak, baina ni zein maite duzu gehiago? erantzun banu bezala geratzen nintzen. Baten hautua egiteak besteekin ez akordatzea balekar bezala zen niretzat.

Ordu txikietan etxeratzen nintzeneko garaietan ere ez zintudan hain gustuko, Orio. Gortina atzetik norbait zelatan somatzen genuenean, ze beidatzen! eta horrelakoak esaten genituen harro. Izaten ziren eztarri hori nola daukazun, zertan ibili ote zeate komentarioak ere etxetik kanpo. Eta kritika merke haiek ere ez nituen oso gustuko.

Etiketatzeko duzun joera ere hor dago. Zu Zaraguetakoa, ni Ikastolakoa, hau Bildukoa eta hura PSOEkoa, langilea, alferra...

Zurekiko nuen ikuspegia aldatzea pasarte batzuen ondorioa izan zen. Bikote gazte asko etorri da azken aldian gurera eta haietako bati hona zerk ekarri zuen galdetzera ausartu nintzen parkean. Elkarrizketa luze baterako gaia izan zen hura baina Orion elkar zaintzen duzue izan zen gehien markatu ninduen esaldia. Zer pentsatua eman zidan.

Handik gutxira gure seme zaharrena Uko parkean galdu zen. Baratzeak ikustera jaitsi ginen gu eta Manex despistatu egin zen. Gizon bati esan zion galdu egin zela. Biak hizketan egon ondoren tirolinako parkean ote geunden begiratzera joatea erabaki zuten. Hara zihoazela gure lagun batekin gurutzatu ziren. Iñigo hondartza aldera zihoan baina Zer egiten ote du Manexek gizon ezezagun horrekin pentsatu omen zuen. Begira egon ondoren Iñigok buelta eman eta tirolinako parkeraino jarraitu zituen. Han laguntza eskaintzera hurreratu zitzaien eta bi helduak haurra zaindu nahi horretan bestea fidakaitz begiratzen zuten  momentu bat egon omen zen.

Beste lagun batek etxean ingelesak izan zituen uda batean. Haiei aiton- amonak nola tratatzen genituen gustatu omen zitzaien. Farmazian sumatu omen zuten begirune hori gehienbat. Jendeak nola itxaroten zuen aiton- amonak esplikazio amaiezinak ematen zituzten bitartean... Kalean aiton- amonak agurtzeko genuen joera ere ikaragarri gustatu omen zitzaien.


Kanpotik esan behar izan zidaten zeinen ederra zaren. Egia da. Baina poliki poliki joan naiz ikuspegia aldatzen eta gaur egun, harro esan dezaket, ez zintuzkedala ezergatik aldatuko. Kontrol soziala badagoen arren, babes soziala sumatzen dudala nik. Eta lasai esaten diot nire semeari zu, nongoa zara ba? galderaren aurrean ez dagoela maleziarik, jendeak kokatu besterik ez duela nahi aurrean duen pertsona hori. Eta lasai esateko Xanti Txagaren biloba dela inorekin kale egingo duen beldurrik izan gabe.