Erria txikota!

Eraikina ordaindu eta hezkuntzan inbertitu

Karkara 2014ko urr. 2a, 08:28

2009an egin zen eraikina ordaintzen bukatu nahi dute aurtengo Kilometroak jaian lortutako diru zati batekin. Bestea hezkuntzan inbertitu nahi dute.

Bi egun besterik ez. Ate joka daukagu urriaren 5a. Kilometroak jaiaren atarian Ikastolen aldeko festarekin lortutako etekinak nora bideratuko dituzten esan digu Zigor Saizarrek. Dituzten helburu, erronka eta beharrez hitz egin digu Orioko Herriko Ikastolako zuzendariak.
 
Horrelako festak egiten direnean –Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta Kilometroak– bertan biltzen den dirua adreiluetara bideratzera ohitu gara: eraikin berriak, kirol ekipamenduak, eraikinen berritze lanak...Horren arrazoia tokian tokiko administrazioak obra hauek ez dituela %100 finantzatzen da; gehienetan %40ra iristen dira, baina Nafarroan eta Iparraldea ez dute eurorik ere jartzen.
 
Orion 1997an lortu zen 16 urte arte ikasteko aukera. Obra, ordea, 2009an egin zen. 2004an Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola eta Oteiza Lizeoarekin batera antolatu genuen Kilometroetan bildutako dirua eraikin hori ordaintzeko gorde arren, ez da nahikoa izan, eta horregatik aurtengo Erria Txikota! kilometroetan bildutako diruaren zati bat eraikina ordaintzeko izango da.
 
Gurasoen eskaerari erantzuteko eta espazio gabeziari irtenbidea emateko egin zen eraikina oraindik ordaindu gabe dago, beraz, 2004an bildutako dirua ez zen nahikoa izan. Hiru ikastetxeen artean antolatu genuenez, hiruon artean banatu behar izan genituen etekinak. Horrez gain, DBHko eraikina egin genuenean, argi genuen herritarrena zen eraikin bat egin behar genuela: herri onurako Ikastola izanik, eraikinaren jabetza herriarena izango zena. Horretarako eraikinaren azpian batzar areto bat egin zuten, non 220 pertsona sartzen diren. Horrelako ekipamenduek garestitu egin zuten obra. Eusko Jaurlaritzak lau urtetik behin horrelako inbertsioetarako diru laguntzak ateratzen ditu, baina 2008a geroztik ez du atera.
 
Baina diru guztia ez dute eraikinera bideratuko, izan ere, kalitatezko hezkuntza eskaintzea ere ezinbestekoa iruditzen zaie: Hori lortzeko ikerketarik egin al da hezkuntzan? Egiari zor, zerbait ikertu bada hezkuntza munduan hori Ikastoletan izan da: eleanitz proiektuan Italia eta Bretainiako unibertsitateekin ikerkuntza-lankidetza martxan jarri zen, Urtxintxa, Txanela, Ostadar, Ikasys eta Eki proiektuetan aurrez esperimentazio-ikerkuntza taldeak jarri ziren martxan. Katalunia, Finlandia eta  Kanadako hezkuntza sistema nahiz ikastetxeak bisitatu eta ikusteko aukerak izan ditugu Ikastola munduan. Txango horien harira txertatu dira berrikuntzak Ikastoletan eta euskal hezkuntza sisteman aintzindari izan da metodologian, ikasmaterialgintzan, eleaniztasunean, IKTetan...

Hori guztia, ordea, ez zaie nahikoa iruditzen. Orioko Herri Ikastola Kooperatiba Elkartean argi dute hezkuntzan inbertitu behar dutela. Adreiluez haratago, Erria Txikota egin nahi dugu arlo honetan  ere. Hezkuntza eredu ezberdinak ikertu nahi ditugu, gure ikasleen egungo beharrei erantzungo dien irakaskuntza modu ezberdinak behatu, ezagutu eta interesgarriak badira, esperimentazio faseak martxan jarri eta sakondu. Berritzeko beharra ikusten dute Orioko Herri Ikastolan, uneoro aldatzen ari den gizartearen eskariei erantzutea ezinbestekoa dela iruditzen zaie.

Kilometroak 2014ko leloarekin helburu horiekin bat egiten du. Erria Txikota askatasunarekin lotu nahi izan genuen, euskal marinelek betidanik itsaso eta lur berriak aurkitzeko izan duten senarekin. Ikastolok ere, hezkuntza munduan, izaera berbera daukagu. Bide –itsaso– berriak ezagutu, ikertu, esperimentatu eta berrikuntzen oinarri bilakatu. Kilometroak 2014 Orion ateratako sosekin eraikina ordaintzeaz gain hezkuntzan inbertitu nahi dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!