Erria txikota!

Ikastolako ikasleak Erronkarako prest

Karkara 2014ko urr. 2a, 09:01
Argazkia: Kilometroak

Zazpi proba izango ditu, guztira, Erronkak eta 20 ikastolek hartuko dute parte

Erronka berri bat izan zuen pasa den urtean Tolosako Laskorain Ikastolak: Erronka. Lehengo urtean hasitakoari jarraipena eman nahi izan diote. Ez dugu bi aldiz pentsatu, jarraipena eman nahi izan zio Tolosan hasitakoari, aitortu zuen KMK egunaren aurkezpenean Joseba Orellak. Iazko oinarriekin eta berrikuntza batzuekin berriz ere ospatuko da Erronka.

20 Ikastetxek eman dute izena. 9:00etan emango zaie ongi etorria partaideei Orioko Futbol zelaian; eta Erronkari hasiera, ordu erdi beranduago emango zaio, 9:30ean. Dauden tokietatik mugitu gabe lehen proba egingo da, kapitainen artekoa.

Proba horren ostean, Ikastola bakoitzak bi gunetan egin beharko ditu gainerako frogak. Eta gune bakoitzean egin beharreko lanak ondorengoak dira: bigarren gunean Lasto fardoak, hirugarrenean Globinkana, laugarrenean Eskalada eta bosgarrenean Mosaikoa.

Proba irabaztean duenak bandera eskuratuko du. Trapu gehien eskuratzen dituzten hiru ikastolek lortuko dute finalerako txartela. Berdinketaren kasuan, toka jokoa egingo da eta tanto gehien egiten dituena pasako da final handira.

Bazkalostean finalerako laugarren taldea sailkatuko da Erantzunaren bila errepeska proban. Froga irabazten duena izango da finalean lehiatuko den azken taldea. Finala 16:30ean izango da.

Orioko Herri Ikastolako taldea

9 ikaslek, horietatik bi ordezko, eta bi kapitainek osatzen dute Orioko Heri Ikastolako taldea.
Itziar Irastorza

  • Ane Aguirre
  • Haritz Miera
  • Aitor Indo
  • Irene Ansorregi
  • Oihan Gozategi
  • Igor Romero
  • Amaia Aduriz
  • Aitor Lizaso –ordezkoa–
  • Carlos Rodriguez –ordezkoa–
  • Nadeth Aguirre –kapitaina–
  • Juan Angel Garmendia –kapitaina–

 

Aniztasuna probetan

Kapitainen arteko lehia

Izenak dioen bezala, talde bakoitzeko kapitainak hartuko du parte proba honetan. Metalezko piezak eskuz jaurti beharko dituzte eta metro batzuetara dagoen txapa jo. Piezak toka jotzen duenean –lurra jo gabe, zuzenean– tantoa kontatuko da.

Lasto fardoak

Bi zati ditu proba honek: giltzarrapoa askatzea eta lasto fardo lasterketa. Giltzarrapoa irekitzeko eragiketa matematiko bat ebatzi beharko da. Behin askatuta, lau lasto fardo erabiliz eta gainean kide bakarra egonik, 40 metroko ibilbidea egin beharko da lurra ukitu gabe eta lagun guztien kooperazioarekin. Banderola jasotzen duen lehen taldea izango da irabazlea.

Globinkana

Hondartzaren ezker aldean, barra aldean, hiru globo egongo dira eta handik hasiko da proba. Taldekide batek korrika joan beharko du hondartzaren erdian egongo den txalekoa hartzera. Hau jantzi eta hasierako lekura bueltatu beharko du. Txalekoduna iristean kide bati emango dio txalekoa; honek jantzi, bolan sartu eta gainontzekoen bultzadarekin hondartza erdiraino joan beharko du. Iristean, rolak aldatuko dira; bat bolatik atera eta beste bat sartuko da. Berriz ere bultzaka hondartzaren beste alderaino joan beharko dute. Iristean, globotik atera eta falta den kideari pasako dio txalekoa. Honek jantzi eta korrika zelai erdian egongo den bandera hartu beharko du. Lehendabizi hartzen duenak irabaziko du proba.

 

Eskalada

Ikastola bakoitzeko lehenengo partaideak 10 metroko ibilbidea egin ondoren sokazko eskaileratik igoko dira. Eskaileraren goi aldean txikota bana egongo da eta partaide bakoitzak bere hartu, arnesean lotu eta behera jaitsi beharko du. Beran, 8 metrotako luzera duen zubi tibetar bat gurutzatu beharko du. Zubiaren amaieran zintzarri bat egongo da, hura jo, lurrera jaitsi eta korrika bere taldearengana joan beharko du. Bigarren partaideari txikota emango dio eta honek lan bera egin beharko du. Hori bai, oraingo honetan txikota goran utzi beharko du. Ikastolako partaide guztiek egin beharko dute ibilbidea eta azkarren bukatzen duenak lortuko du garaipena, hau da, bandera.

Mosaikoa

90 baldosa egongo dira lurrean. Pieza horietatik 9 panel batean jarri behar dira, posizio jakin batean. Talde bakoitzak 45 segundo izango ditu konposizioa zein piezekin eta zein ordenetan osatu behar duten memorizatzeko. Ondoren, baldosa bila joango dira banaka eta bakarrak jaso ahal izango dute. Kapitainari emango die pieza eta berak ondo jarri beharko du ondorengo piezaren bila joan ahal izateko. Gaizki jarri ezkero, taldekideak pieza zegoen tokian utzi beharko du. Honela, pieza guztiak ondo kokatu arte.

Erantzun bila

Futbol zelaiaren erdigunea hiru kaletan banatuko da zintekin. Aurkezlea oholtzan egongo da eta kale bakoitzaren hasieran 3 koloretako panelak egongo dira A, B eta C letrekin. Galdera bat egingo du aurkezleak eta hiru erantzun posible emango ditu. Taldeetako partaideak modu indibidualean egokia iruditzen zaien erantzunaren kalean kokatuko dira. Galdera asmatzen ez duena eliminatu egingo da. Geratzen den azken partaidearen Ikastola sailkatuko da finalera.


Finala

Lau zatitan banatzen da Erronkako finala. Irteera piragua aldamenean emgno da eta talde bakoitzeko bi partaidek egingo dute arraun. 400 metroko ibilbidea egin beharko dute, eta amaitutakoan, bigarren bikoteak hartuko du piragua eta beste 400 metro egingo ditu. Piragua lanak bukatuta baltsaren txanda izango dira. 4 ikasle eta kapitaina izango dira barruan eta 300 metroko ibilbidea egin beharko dute lehorrera iristeko. Behin lehorrean, partaide bat korrika joango da 30 metrora dagoen tirolina batera. Tirolinan 50 metro egin ondoren txikota hartu eta bueltan hasierako tokira joan beharko du, han egongo baita bandera. Bandera hartzen duenak irabaziko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!