Antonio Campos: "Jende ugarik egin zuen lana Ikastoletan, parte hartze handia zegoen"

Karkara 2014ko eka. 3a, 17:48
1980tik 2002ra bitarteko lanagatik Ohorezko euskaltzain izendatu dute Antonio Campos oriotarra. Urte horietan bai euskarak, bai euskal kulturak eklosio bat bizi zuen; eta urte guzti horietan, Ikastola traktore izan zen. Euskal Kultura bultzatu zuena Ikastolen Elkartea izan zen, eta Antonio elkarteko lehendakari zen

Zein helbururekin ekin zenioten mugimendu horri?

Ideia batekin hasi zen dena: euskaren bizirautea ziurtatu nahi bazen, euskarak hezkuntzan eta eskoletan sartu behar zuen. Aukera desberdinak zeuden horretarako. Batetik, lehendik zegoen eskola eredua hartu eta hura euskalduntzea. Eta bestetik, berri bat martxan jartzea.

Eta zuek, berriaren aldeko hautua egin zenuten.

Bai, horrek zekarren lan guztiarekin. Irakaslerik ez zegoen, hasierako ikastoletan laguntzaile boluntarioek egiten zuten lan, titulorik eta formakuntzarik gabe. Testurik ere ez zegoen, eduki guztiak gazteleraz ematen ziren. Orduan ere bi aukera etorri ziren: lehendik zegoena itzultzea edo testu berriak sortzea, bertako jendeak egina eta bertatik emana.

Oraingoan ere zuek sortzea aukeratu zenuten.

Ez zen erreza izan. Baina erabaki horrek, testuak bertan sortzeak, hainbat euskal argitaletxeen sorrera ekarri zuen, besteak beste.

Eta zure papera zein zen?

Ikastolen Elkarteko presidente izan nintzen eta mugimendu hori guztia bideratzea izan zen nire lana. Saltsa guztietan nengoen. Garai hartan politika bero-bero zegoen eta nik harreman zuzenak izaten nituen politikariekin. Beste garai bat zen.

Ikastoletaz hitz egiten denean beti Elvira Zipitria eta beste irakasle askorekin identifikatzen du jendeak. Emakume oso onak ziren beraiek, baina Ikastolen mugimendua hori baino gehiago da. Milaka pertsona jardun dira hor lanean: bai elkarteko talde bateragilean, bai ikastolan... eta izendapen honekin hori guztia omendu nahi izan dela uste dut.

Ikastolen mugimendua, oro har?

Hasieratik pentsatu dut ehundaka pertsona ordezkatzen ditudala, hortaz, izendapen honekin mugimendu hura omendu eta gogoratu nahi dela. Halaber, ezin dut ukatu sorpresaz harrapatu zidala; eta ezin ukatu gustu handiz hartu nuela albistea.

Jende askoren lana baloratzen da izendapenarekin?

Bai, hasi ginenean legez kanpokoak ginen, eta lan asko egin zen guztia aurrera eramateko. Madrilera bidaiak, legalizazio prozedurak, subentzioak... jende ugari zegoen horretan lanean. Otero Novas ministroak behin esan zuen: Ikastolak estatuko eskola publikoak baino publikoagoak dira. Parte hartze eta indar handia zegoen, eta dinamismo izugarria.

Hiru zutabe nagusik osatzen dute Ikastola: Batetik gurasoak, erantzunkizuna batez ere beraiena delako. Irakasleak bestetik, heziketaren arduradun baitira, eta horregatik kudeaketan ere sartzen dira. Azkenik, gizartea, ikasleak gero gizartera baitoaz. Hortaz, zutabe bakoitzari edukia eman beharko genioke, ta hiruen arteko harremana indartu.

Ikastolen mugimendu hori, gaur egun, nola dagoela uste duzu?

Lehen, egunero prentsan, telebistan... uneoro protagonistak ziren Ikastolak komunikabideetan. Egun, hori behintzat galdu egin da. Azken denbora hontan eskola publiko berriari buruz asko hitz egiten da, eta ikastola bigarren mailan geratu dela uste dut.

Hala ere garai desberdinak dira eta lan handia egin da, ezer ez izatetik, eskola euskaldun bat sortu genuen, eta pedagogia aldetik punta puntakoa izan zen. Edukiak ere, zerotik hasita, ongi egin nahi izan ziren, material ona sortu, oinarri sendo baten gainean. Material hori erabiltzeko ere tailerrak egiten zituzten irakasleek... Azken finean saiatuz lortzen dira aurrerapenak.

Eta nola ikusten duzu euskara?

Euskarak eskola eta instituzioak irabazi ditu, baina kalea galtzen ari da. Gero eta gazte gehiago entzuten da kalean gazteleraz, euskara jakinda ere. Geure garaian euskara hezkuntzara eramaten egin zen esfortzua orain kalera eramateko egingo balitz, urte gutxiren buruan erabilera asko igoko litzake. Eta hori gazteen esku dago.

Gure belaunaldia gazteleraz hezi zen, euskaraz analfabetoak gara ia. Horregatik, Ikastola sortu zenean borroka desberdina zen, elebitasuna lortzeko. Ezin genuen erdararen kontra borroka egin, ez genuen nahi gure seme-alabek euskara edo gaztelera hitz egitea, biak baizik. Eleanitzak izatea nahi genuen, eta euskara izatea beren harremanetarako hizkuntza.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!