Gaztea ala zaharra nagusi?

Leire Beldarrain eta Olatz Beldarrain 2015ko mar. 2a, 11:29

Etxean bi izanda, ahizpa txikia izatea egokitu zait niri. Etxeko txikia, eta nola ez, etxeko bihurria. Beti izan dugu familiako gazteenok fama hori, ezta? Alde batetik, egia izpiren bat izango du kontu horrek; baina gezurretik ere zerbait baduela esango nuke nik. Bere alde txarra bai baitu txikia izateak, eta nire esperientziatik hitz egiten dizuet gaur.

Ia bi urte kentzen dizkit Olatzek. Lehen begiratuan, badirudi arduratsuagoa dela ni baino. Ni berriz, etxeko despistatu eta burugabea izan naiz beti. Egiak esaten jarrita, aitortu beharra dut fama hori ongi irabazia izan dudala kasu askotan. Baina niri asko gustatzen zaidan esaldi bat ekarriz: dena ez da zuria edo beltza. Eta gure etxean oso maitea den zaharragoa naiz eta gehiago dakit esaldiari, zerbait erantzun nahi nioke gaurkoan.

Badakit. Oraindik gaztea naiz eta asko ikasi beharra daukat bizitza gogor honetan: isilik geratzen, barkamena eskatzen, besteak entzuten.. Baina seguru nago nire ahizpa, ama eta aitak ere asko dutela ikasteko, bai bizitzagandik, baita euren etxeko txikiagandik ere. Txikia naiz bai, baina badakit autokritika egiten. Eta hori, batzuk ez dute adinarekin ikasten.

Txikiak asko daukalako ikasteko handiagandik, baina baita handiak txikiagandik ere.

Ni nauzue Leireren ahizpa nagusia. Eskerrak ahizpa bakarra egokitu zaidan; Leire bezalako bi etxean edukitzea eromen bat izango baitzen.

Bere hitzetan ongi igarriko zenuten bezala, ez da isilik geratzen den horietakoa. Beti du zerbait esateko, kontra puntu bat botatzeko. Gure aitak dioen bezala: de mayor sacapuntas. Beti izan da horrelakoa; baina urteak aurrera joan ahala, punta gehiago zorrozten dabilela uste dut. Baina lasai, puntarik gabe geratzen ez den horietakoa da.

Egia da egoskorkeria biok daramagula oso barruan. Zertxobait ezagutzen gaituenak, badaki zertaz nabilen hizketan.

Asko haserretzen gara elkarrekin. Berak guztiarentzat erantzun bat izateak sutu egiten nauelako, eta horrelakoetan garrasiak eta zalaparta izaten dira nagusi. Niri errazago pasatzen zait haserrea. Ezer pasa ez balitz bezala hurbiltzen naiz; baina txikiaren muturrak jaten ditut.

Egoskorra, eta gauzak errez ahazten ez zaizkion horietakoa gainera. Imajinatu nahaste horretatik irten daitekeena. Nik ere badudalako nire lana. Bestela, galdetu ea nor joaten zaion goizeko ordutan bila.. baina lasai, Leirek horrentzat ere erantzunen bat prest izango du: hara! etxean denak jakingo balira...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!