Erria txikota!

Urriaren 5a, guztiontzako jaia

Karkara 2014ko ira. 25a, 12:03

Kilometroak 2014 jaiak lankidetza hitzarmena sinatu du Eskuaire Pertsona Gor eta Gor-Itsuentzako Zeinu Hizkuntza Interprete eta Komunikazio Bitartekaritza Zerbitzuarekin.

Pertsona guztientzako jaia egiteko bidean beste pauso bat eman du Kilometroakek. Eskuaire Zeinu Hizkuntza Interprete eta Komunikazio Bitartekaritza Zerbitzuak eta Kilometroak 2014 Jaiak lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Urriko lehen igandean, kilometroak egunean, irekiera ekitaldian eta omenaldian interpretea egongo da. Honela, urriaren 5a guztiontzako jaia izatea ahalbideratuko dute. Guztiok festaren parte sentitzeko bidean urrats bat eman du Kilometroak ekimenak hitzarmen honekin.

Jaiaren hastapenetik irisgarritasuna bermatu nahi izan dute. Hala, azaroaren 22an Erria Txikota! leloa aurkezteko egin zuten ekitaldian zeinu hizkuntzako interprete bat egon zen, Eskuairerekin egindako lankidetzaren ondotik. Lankidetzatik haratago joan nahi izan dute, lankidetza hitzarmena bihurtuz.

Eskuairek kilometroak.net atariko hainbat eduki zeinu hizkuntzan prestatu ditu. Hitzarmenaren berri ematen duen bideoa ere egin dute eta atarian zintzilikatu dute. 

Bideo guztiak ikusi ahal izateko egin klik hemen. Orain arteko ikus-entzunezko guztiak biltzen dira bertan, baita Eskuairek egindakoak ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!