Landare Berezien Azokak 20 urte beteko ditu asteburuan

Andrea Zipitria 2024ko api. 25a, 10:00

Iturrarango azokaren urteurrena ospatzeko, azokaz gain, hainbat ekintza izango dira Aiako kaskoan.

Aiako Landare Berezien Azoka izango da asteburuan, larunbatean eta igandean, Iturrarango lorategi botanikoan. Azokak 20 urte beteko ditu aurten, gainera. "Bere garaian, 2003an hasi ginenean, ez genuen pentsatuko 20 urtera iritsiko ginenik. Pandemia kontuengatik-eta bi urte geratu dira kontatu gabe, baina asteburu honetan beteko ditu azokak 20 urte", azaldu du Amaia Agotek, Arreta Pagoetako kideetako batek. Lehenengo edizio hura egin zenean, bertan zen Agote, eta urte hauetan guztietan azokak bilakaerarik izan al duen galdetzean, baietz erantzun du aiarrak: "Gu itxuraz aldatzeaz gain, indarra hartzen joan da azoka. Bere garaian apustu egin genuen, eta ez genuen uste halako arrakasta izango zuenik".

2003an, garai hartako zuzendariari otu zitzaion azoka egitearen ideia. "Frantzian ohikoa zen halako azokak egitea, baina penintsulan kasik ez zen horrelako aukerarik izaten, eta nora ekartzea otuko, eta Aian probatzea erabaki zuen. Guretzat ere erabat berria izan zen halako zerbait egitea, baina ondo atera zen. Arrakasta hori ikusita, 20 urtez jarraitu dugu". Egun gutxiren faltan, "eguraldiari begira" daudela aitortu du Agotek, baina euriak euri, "Iturraranek kolore polita" edukitzen duela uste du. Gainera, zenbaki borobila izanik, urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu dute.

Aiako herrigunean bertan, hainbat hitzaldi eta tailer izango dira berrikuntza gisa, helduentzako nahiz haurrentzako. "Nolabait, Pagoeta natura parkea, Iturrarango lorategi botanikoa eta Aiako udalerri osoa batu nahi genituen". Azokari dagokionez, garatzen joan da urtez urte: 2003an 37 mintegirekin hasi ziren, eta aurten 50ek parte hartuko dute. Horietatik hiru berriak izango dira.

Autobus zerbitzua

Bisitari asko joan ohi dira azokara –4.500 eta 6.000 bitartean–, eta urrutikoak, gainera: Kanaria uharteetakoak nahiz Malagakoak (Espainia), Bartzelonakoak, Herbehereetakoak… Ekoizleen eta zaleen elkargune izan ohi da azoka; bisitariek zalantzak argitzeko aprobetxatzen dute, eta saltzaileek eskaerak jasotzeko.

Azoka 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita, eta bi aparkaleku egokituko dituzte: Aian eta Orion –Txurrukan–. Handik doako autobusak ibiliko dira joan-etorrian. Trenez gerturatuz gero, Zarauzko San Pelaioko geralekuan hartu ahal izango da autobusa: joateko lehena 09:23an izango da, 14:23 bitartean ordu erdiro izango dira, eta handik aurrera, orduero, azkena 16:23an; bueltarako lehen autobusa 10:45ean izango da, 13:45 bitartean ordu erdiero izango dira, eta gero, orduero, azkena 17:45ean.

Txartelak azokako sarreran salduko dituzte bost eurotan –12 urtetik beherakoek doan–. Nahi izanez gero, erositako landareak aparkalekura garraiatuko dituzte, eta azokan jan-edanerako postuak ere egongo dira. 

Boluntarioen beharra

Iturraran parketxeak jakinarazi du boluntarioak behar dituztela Landare Berezien Azokarako, eta Aiako eta Orioko herritarrei ekintzan parte hartzeko deia egin diete.

Egun osorako edo erdirako izena eman daiteke. Boluntarioek landare bat jasoko dute opari. Animatzen direnek Iturraran parketxera dei dezakete, 943-83 53 89 zenbakira edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua idatzi.

Egitaraua

Apirilak 27, larunbata

-11:30. Gipuzkoako lorategi eta parkeak doako hitzaldia, Iñaki Larrañagaren eskutik. 
-16:00. Baratzen, fruta arbolen, loreen eta basoen doako kontsulta, Jakoba Errekondorekin.

Apirilak 28, igandea
-11:30. Udaberria eta sendabelarrekin egindako gibel garbiketa hitzaldia eta Sendabelarrak, Aiarren ondare inmateriala liburuaren aurkezpena, Garbiñe Larrea eta Aharoa Zuloagarekin. 
-12:00. Fotografiando la naturaleza, como optimizar nuestras fotografías de flores y jardines tailerra, lorategi botanikoan, Emilia Valenciarekin (5 euro). 
-16:00. Moztutako loreekin otarre tailerra, Meriflauers eta Nia Floralarten eskutik (familia 15 euro).

*Saio guztiak Kultur Etxean. 
*Aurrez izena behar da, Iturraranen, 943-83 53 89 zenbakian. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!