Agintaldiko lehen udalbatzarra egin zuten asteazkenean

Karkara 2015ko uzt. 3a, 15:05
Argazkia: Urola Kostako Hitza

Arkaitz Iruretagoiena izango da alkateordea. Barne antolaketa eta kanpo organoetako ordezkaritzak ere erabaki zituzten

Agintaldi berriko lehen udalbatzarra egin zen Aian pasa den asteazkenean, uztailaren 1ean. Barne antolaketa, kanpoko erakundeetako ordezkariak eta alkatearen soldata erabaki ziren bertan.

Gobernu batzordeko kideak zein izango diren adierazi zuen Nekane Arrizabalaga alkateak. EAJk lau kide izango ditu eta EH Bilduk bi. Hauek izango dira batzordekideak: Nekane Arrizabalaga –EAJ–, Arkaitz Iruretagoiena –EAJ–, Asier Ibarguren –EAJ–, Igor Iturain –EAJ–, Eñaut Gurutzeaga –EH Bildu– eta Aitor Arregi –EH Bildu. Kontu batzordearen eraketa gobernu batzordeko bera izango da. Alkateordea Arkaitz Iruretagoiena izango da.

Hirigintzako gai guztiak gobernu batzordetik pasatzen jarraitzea erabaki zuten, eta kontratazioetan 12.000 eurotik gorako gaiak ere bertatik pasako dira. 12.000 euro baino gutxiagokoak alkatearen esku geratuko dira.

Alkatearen soldata 45.000 eurokoa izango da eta dedikazio osoa izango du, udaletxeko mailarik altueneko teknikariaren soldata bera izango du. Alkateordeak 120 euro jasoko ditu hilean eta zinegotziek 90 euro. Horrez gain, 24 euro gehiago jasoko dituzte bilerako. Ordainsariak adosteko bozketan EAJko zazpi zinegotziak alde agertu ziren eta EH Bilduko laurak aurka.

Kanpo erakundeetarako ordezkariak ere aukeratu zituzten. Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkaritza Nekane Arrizabalaga eta Eñaut Guruzeagaren esku geratuko da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioan, Pagoetako Patronatuan, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioan, Urkomen eta Eudelen Nekane Arrizabalaga izango da ordezkari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!