Asentzio feria izango da igande honetan

Karkara 2015ko mai. 28a, 17:34

Nekazaritza eta abeltzaintzaren erroetara joko du, igandean, Aiako herriak. Goizean goiz hasita, Asentsioko feria izango da.

Goizeko 10:00etan irekiko ditu ateak Asentzio feriak. Azokarekin emango diote hasiera egunari, eta, azokan, denetik izango da. Barazkiak, fruta, eztia, ogia, gozogintza, loreak, ardoa eta beste baserriko produktuen erakusketa egingo da eta salmentan izango dira. Abere, ganadu, ardi, hegazti eta beste hainbeste animaliren erakusketa egongo da. Baserriko lanabesak ere egongo dira, erakusketan eta salmentan hauek ere. Artisautza postuak, bertako produktuen dastaketa eta antzinako lanbideen erakusketa ere egingo da.

Eguerdiko 14:00etan itxiko ditu ateak azokak. Arratsaldeko 18:00etan izango da hurrengo ekintza, frontoian. Bigarren mailako aizkora kanporaketa jokatuko da. Aratz Mugertza, Eneko Otaño, Unai Otaño, Xabier Orbegozo, Jose Mari Telletxea eta Xabier Zaldua arituko dira aurrez aurre. Aizkolariez gain, Aimar Irigoien harria jasotzen ibiliko da. 

Ondoren, aizkora kanporaketa amaitzean, erromeria izango da Aiako plazan. Ostolaza eta Andonegik emango diote amaiera Asentsio feriari, jai giroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!