Hauteskundeak

Eñaut Guruzeaga: "Aldaketa baten alde jarraituko dugu"

Karkara 2015ko mai. 27a, 11:16

Gipuzkoako tendentziari jarraiki, Aian ere boto jaitsiera izan du EH Bilduk. 403 boto jaso dituzte eta lau zinegotzi izango dituzte udalbatzarrean.

Espero zenuten emaitza hori?

Emaitza hobeagoa espero genuen, nahiz eta jakin zaila izango zela irabaztea, botoen aldea murriztea espero genuen. Hala ere pertsona askoren konfiantza izaten jarraitzen dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu herritar horiei guztiei.

Zuen ustetan, zer dela eta izan duzue boto jaitsiera hori?

Ez dakigu herri mailan zergatik gertatu litekeen jaitsiera hori, baina, badirudi, Foru Aldundian gobernatu izanak desgastea eragin diola EH Bilduri Gipuzkoan.

Zinegotzi bat gutxiago izateak zaildu egingo du EH Bilduk ahotsa izatea?

Zinegotzi bat gutxiago izateak ez du ezer aldatzen gure egunerokoan, EAJk gehiengo osoa izaten jarraitzen baitu lehen bezala. Aldaketa baten alde jarraituko dugu, gogoz, ahaztu gabe 403 pertsonen babesa jaso dugula. Oposizio aktiboa egingo dugu, auzotarrekin biltzeko hartu dugun konpromisoari helduz. Hilabete hauetan auzotarrengandik erantzun ona jaso dugu eta horren alde jarraituko dugu, herritarren ahotsa udaletxera eramateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!